XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Fagorren lanik ez

Fagorrek Arrasateko San Andres auzoan duen hozgailuen lantegian otsaileko lau ostiraletan lanik ez egiteko erabakia hartu dute.

Antza denez produktu honen eskaeran egon den jeitsieraren ondoren almazenak bete-bete aurkitzen dira eta hauei neurri batean irteera emateko erabaki da neurri hau hartzea.

Ostiraletan lanik ez egiteko neurri honek 500 langilerengan du eragina, zuzeneko eta zeharkako langileak kontutan hartuz gero.

Hau ez da era honetako neurriak hartzen diren lehen aldia joan zen abenduan ere antzeko zerbait gertatu bait zen Eskoriatzako Ederlan enpresan, nahiz eta oraingoan, orduan ez bezala, ez den galdutako orduak errekuperatu beharrik izango.

Insersoren bainuetxe programa

Duela gutxi eman genizuen Insersok 3. adinari begira aurten prestatu duen bainuetxe programaren berri, hala ere gai honen inguruan azken orduko aldaketa batzuk egon direla eta Arrasateko Udalak ohar bat bidali digu.

Udaberri eta Udarako txandetarako izena emateko epea urtarrilak 25ean bukatzen bazen ere, denbora gutxi zegoenez eta jasotako kexuen ondorioz epe hau luzatu egin dute, nahiz eta oraindik azken eguna ezagutzen ez den.

Beraz interesatu guztiei Iturbide Egoitzara urbildu eta izenak lehen bait lehen emateko eskatzen zaie.

Eibartarrak ETBn

Eibarko San Andres ikastetxe publikoko ohar batean jakinarazi zaigunez, datorren astean zehar, otsailak 2, 3, 4 eta 5ean ikastetxe honetako ikasleak ETB-1ean 7retatik aurrera emititzen den Galaktika programan egongo dira.

Aipaturiko programak grabatzen duela aste pare bat abiatu ziren ikastetxe honetako 6 eta 7. mailako ikasleak Miramongo estudioetara.

Elgoibarko Gazte Asanblada

Arratsaldeko 6retan eta herriko gazteak biltzen dituen taldeak deia luzaturik, bilera bat burutuko da gaur Maalako parkean.

Bertan herriko gazteak gaur egun jasaten ari diren egoera eta arazoei buruz berri emango diete bertaratzen diren guztiei.